Sistema berriari buruz

Zer da BILBORGANIK?

Bilbon hondakin organikoak biltzeko sistema berria da, bidezkoagoa eta jasangarriagoa, eta herritarrekin konektatuagoa, aukera ematen duena edukiontzi marroiaren erabilera erregistratzeko eta hobariak lortzeko.

Zer aldatzen da aurreko sistemari dagokionez?

Sistema berriak aukera ematen digu era arduratsuan birziklatzen duten herritarrak saritzeko, zerga-onuren bidez. Erregistroa eta txartela aktibatu ez badituzu, ezingo dizugu onurarik aplikatu.

Zergatik eman behar dut izena edukiontzi marroia erabiltzeko?

Udal-hondakinak hobeto kudeatzen laguntzen duelako eta, ondorioz, mesedegarria delako bai zuretzat bai Bilborentzat.

Zer abantaila ditu edukiontzi marroia erabiltzeak?

Hondakin organikoak ondo bereizteak txikitu egiten du zabortegietako hondakin kantitatea, gure ingurua hobetzen du, berdeguneetarako konpost naturala lortzen laguntzen du... Gainera, sisteman 2025eko abenduaren 31 baino lehen izena ematen baduzu, % 10eko hobaria jasoko duzu 2026ko hondakinen tasaren zati espezifikoan, hiri-hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantza fiskalak adierazten duen bezala.

BILBORGANIK sistema egunero erabiltzeari buruz

Zer hondakin bota behar dira edukiontzi marroira?

Animalia- edo landare-jatorriko hondakin guztiak, kozinatuak edo gordinak: okela-, arrain- edo itsaski-hondarrak, hezurrak, arrautza-, gazta- eta fruta-azalak, ortuariak, lekaleak, haziak, ogia, opilak, fruitu lehorrak, kafe-hondarrak eta -iragazkiak, infusio- poltsatxoak, loreak eta landareak, inausketa-hondakinak eta belarra.

Edukiontzi marroira bota daiteke ere sukaldeko papera, ahozapiak eta kartoizko arrautza-ontziak, hondakin organikoz zikinduta egonik ere, bai eta zotzak, kortxo naturaleko tapoiak edo poltsa konpostagarriak ere.

Edozein hondakin-poltsa erabil dezaket?

Ez. Deskonposizioari buruzko Europako eta Estatuko arauak betetzen dituzten poltsa konpostagarriak erabili behar dituzu, hondakin toxikorik utzi gabe ongarri bihurtzen den material biodegradagarriz eginak daudelako.

Zer ontzi erabili behar da etxean?

Edozein ontzi, komeni bada ere zuloduna izatea, airea sar dadin. 10Lko ontzi bat eska dezakezu doan, etxean hondakinak bereizteko. Ontzi bat etxe bakoitzeko entregatuko da, eta ezin izango da gehiago eskatu.

Zer EZ dut bota behar inoiz edukiontzi marroira?

Zalantzarik baduzu, web orri honetan aurkituko duzu erantzuna.

Non lor ditzaket poltsa konpostagarriak?

Supermerkatuetan edo, bestela, zentro zibikoetako makinetan, doan. 40 poltsako erroilu bat lor daiteke 2 hilean behin, baldin eta gutxienez 25 aldiz erabili bada edukiontzia azken entregatik.

Edozein edukiontzi marroi ireki dezaket nire txartela erabilita?

Ez. Edukiontzi marroiak zabaltzen dira modu kontrolatu batean, eta zure txartelarekin zabal ditzakezu zure etxe inguruan dauden edukiontziak.

Hiri Hondakinen Tasa berriari buruz

Zer da Hiri Hondakinen Tasa berria?

Estatuko legearen arabera nahitaezkoa den tasa bat da, Bilbon aurreko Hondakin Tasaren ordez erabiliko dena. 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, hiri guztiek beren gain hartu behar dute hiri-hondakinen kudeaketaren kostuaren % 100.

Nola kalkulatzen da tasa berria?

Atal bi ditu: bata, finkoa, zerbitzua erabiltzeagatik; bestea, aldakorra, hondakinak sortzeagatik.

Zer lotura dago tasaren eta edukiontzi marroiaren artean?

Birziklatzen baduzu, hobariak lor ditzakezu. Edukiontzi marroia erabiltzeak gastuak txikitzen lagunduko dizu. Izena eman 2025eko abenduaren 31 baino lehen, 2026ko hondakinen tasaren zati espezifikoan % 10eko hobaria jasotzeko.

Txartelari eta app-ari buruz

Zertarako balio du txartelak?

Zure etxeari dagozkion edukiontzi marroiak ireki ditzakezu, eta BILBORGANIK sisteman duzun erabilera erregistratu.

Erabil dezaket BilbaoKirolak txartela?

Bai. Sisteman alta hartu besterik ez duzu egin behar eta zure BilbaoKirolak txartela aktibatu.

Eta txartela galtzen badut?

Kopia bat eskatu ahal izango duzu, baina txartel berri bat baino ez da emango 6 hilean behin.

Nola eman alta Bilborganiken

Oso erraz egin dezakezu, 3 modu hauetan:

  1. Online, Bakq erabilita: www.bilborganik.eus webgunearen bidez, esteka honetan.
  2. Bilborganik aplikazioaren bidez, Bakq erabilita: Androiderako eskuragarri (laster iOSerako ere).
  3. Aurrez aurre, zure NANa aurkeztuta:
    - Barrutiko 16 udal-zentroetan.
    - Udal kiroldegietan jarritako makinetan.

Txartelak eta lotura

  • Zure txartel fisiko zaharra erabiltzen jarraitzeko, lehenengo alta eman behar duzu Bilborganik sisteman. Gero, zure txartela aktibatu behar duzu.
  • Kaixorganikoa txartel zaharrak San Agustin eta Aznar eraikinetan, barrutiko udal-zentroetan eta udal-kiroldegietan instalatutako makinetan aktibatzen dira.
  • Bilbaokirolak txartelak Udal kiroldegietan jarritako makinetan aktibatzen dira.
  • Txartel bat pertsona bati (NAN) lotu daiteke bakarrik. Pertsona horrek adinez nagusia izan eta Bilbon erroldatuta egon behar du.
  • Horregatik, zure etxean hainbat txartel fisiko zahar badituzue, adin nagusiko pertsona bakoitzak banaka eman behar du alta Bilborganiken.